XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, hala ere, ezin du sinestu.

Berrogei urtetik gorako emakume bat apalategi aurrean dago, hogei edo hogeitamar bat soineko zintzilikaturen aurrean.

Hauetako bat deseskegitzen * deseskegi: deskolgatu du, soinean daukan abrigoa bizkorki zabaldu eta honen azpian sartzen du, abrigoa itxi ondoren presaka irteerarantz zuzentzen delarik.

Robertori hezurretarainoko hotzikara sartzen zaio.

Emakume hori pertsona gaizto bat besterik ez da, pentsatzen du Robertok.

Baina berak baino hobeto egin du.

Atzetik jarraitzea gustatuko litzaioke, azalpen bat eskatzea.

Ez zuen seguruenik berak bezalako kakanarru batek ikusiko zuenik pentsatuko.

Baina ez da posible.

Roberto zeharo nahastuta dago.

Apalategi artean dabil.

Ez du ezer gehiago harrapatu nahi.

Emakume hori, ari da gogoetaka, ez zen edozein emakume.

Maila oneko andere baten itxurak zituen.

Ez zegoen zikin ez arlote, lapurrak ez bezala zegoen jantzita. Bai.

Eta berak, nolako itxura izango zuen berak? Norbaitek hartuko ote zuen lapurtzat? Seguru ezetz.

Bai jolas nazkagarria hauxe! Benetan.

Estebani berari bota nahi lioke aurpegira.

Baina badaki beste biak aurrean direla ez duela nahiko ausardiarik izango.

Erlojuari begiratzen dio.

Aparkalekura itzultzeko ordua da.

Nahiko berandu da.

Bere aitak esango lukeen eran: Zu beti hain ipurtmakala.